XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Amamaren oparia eta nebaren zikoizkeria

Maddaleni ez zitzaion inoiz ahazten amamaren urtebetetzea, eta dirua eskas izan arren, beti zerbait erosten zion.

Hiru egunen buruan amamaren urtebetetzea izango zen eta nebari gogorarazi zion.

Md. - Aizu Jon, ez dakit konturatu zaren, baina hemendik hiru egunetara amamaren urtebetetzea izango da, eta oraindik ez diogu ezer erosi...

Jon - Zuk kontu horietan nik baino ideia politagoak dauzkazu.

Zer erregalatu nahi diozu aurten?

Md. - Ahalegin txiki bat eginez gero, bion artean erabaki dezakegu, ezta?

Adibidez: poltsa bat, kolonia, zapi eder bat edo etxerako abarketak.

Jon - Beno bada, zenbat ipini behar du bakoitzak?

Mila pezetarekin nahiko, ezta?

Merkealdiak zirela eta, Jonek pentsatu zuen hobe zutela ondoan dagoen auzoko mertzeriara joatea, eta bertara joan ziren.

Denda beherapenetako txartelez gainezka zegoen:

MERKEALDIAK

%50a GUTXIAGO

HAR ITZAZU BI ETA BAT ORDAINDU

BI PRODUKTU BATEN PREZIOAN

Jon - Hau mahuka! azkarrak izanez gero, erdia bakarrik ordainduko dugu...

Begira ezazu poltsatzar hori!

Denda osoa goitik behera miatu zuten baina ekarritako dirua eskas geratu zitzaien.

Beste 500 pzta falta zitzaizkien.

Md. - Nik ez dut diru gehiago, baina zuk etxeko itsulapikoan...

Jon - Zer esan nahi duzu?

Urtebetetze batean gastatu nahi duzu nire dirua?

Amamarentzako erregalu batean?

Hau zorakeria!

Md. - Alajaina, ez nuen uste horren zikoitza zinenik!

Ez al du amamak zure diru apurra merezi?

Nori esker daukazu diru hori itsulapikoan?

Argi eta garbi esango dizut: A-MA-MA-RI ES-KER!!!!

Jon - Izan ere, diru horrekin beste gauza bat erosi nahi nuke... eta honetan gastatzen badut...

Md. - Zertarako balio du diru horrek, maitatzen dituzun pertsonekin gastatzeko ez bada?

Ala ez duzu amama maite?

Nik edukiko banu, ez nizuke eskatuko, baina...

Jon - Beno, ez jarri horrela, neuk jarriko ditut 500 pezeta horiek, dena den zuk erdia eduki bezain pronto, nire itsulapikoan sartu, zor didazu eta...